Zerbitzuak

Bi alor nagusitan banatzen da gure lana:

Pausoka Podología en Tolosa, quiropodia tratamiento de pies y uñas

Kiropodia

azalaren eta azazkalen tratamenduak

Hiperkeratosia (azaleko gogortasunak), helomak (kailuak), mikosia (onddoak), papilomak (garatxoak), azazkal inkarnatu edo hatzetan sartutako azazkalak, gehiegizko izerdiak, oin diabetikoen alterazioak eta bestelako patologiak tratatzen ditugu. Hidratazio-mailaren ebaluazioak ere egiten ditugu.

Pausoka Podología en Tolosa, máquina Podoactiva de estudio biomecánico y plantillas

Azterketa biomekanikoa

oinaren jarreraren azterketa

Ibileraren azterketak eta oinaren balorazioak egiten ditugu, lesio edo malformazioak diagnostikatzeko: oin kurbatu eta lauak, faszitisak, metatarsalgia, talalgiak, juaneteak… Horretarako beharrezko teknologia aplikatzen dugu: 3D eskanerra, presio plataforma, filmaketa… Beharra ikusiko balitz, oin-zolen tratamendu pertsonalizatua aplikatzen dugu, eta jarraipen zorrotza egiten dugu.

Pausoka Podologia Tolosa, haur podologia

Adin-tarte guztietarako arreta pertsonalizatua.

Adina, pisua, posturak, aktibitatea… Guztiak eragina du oinaren osasunean. Horregatik, paziente bakoitzaren ezaugarrien arabera tratamendu pertsonalizatu ezberdinak aplikatzen ditugu: haurrentzat, kirolari eta atletentzat, helduentzat eta hirugarren adinekoentzat podologia geriatrikoa.

Pausoka Podología en Tolosa, interior consulta

Pausoka: 16 urte baino gehiagoko esperientzia oinetan.

Ikasketak amaitu berritan sortu genuen Podologia Zentroa, Tolosan. Etengabeko formazioa eta teknologia berrien aplikazioa sustatu izan dugu beti. Sektorean erreferente den Podoactiva etxearen itunpeko zentroa gara, hark sortutako teknologia, materialak eta teknikak erabiliz.

ZERGATIK JOATEN GARA PODOLOGOARENERA MINA DUGUNEAN BAKARRIK?

Orain arte hankei ez diegu beharko luketena bezain besteko garrantzirik eman, mina izan dugunean soilik. Baina lesioak tratatzea bezain garrantzitsua da prebentzioa, gorputzaren oinarria baitira oinak.

 

Horregatik, etorkizuneko minak ekiditeko, oinek zer nolako jarrera izaten duten jakitea gomendatzen dugu. Azterketa horretan okerrik antzematean soilik aplikatzen da dagokion tratamendua.

Lan taldea

Pausoka Podologia Tolosa, Arantxa Lizarralde Gorostegi

Arantxa Lizarralde Gorostegi

podologa

kol. zbk 144

Pausoka Podologia Tolosa, Nerea Ibañez de Gauna Alberdi

Nerea Ibañez de Gauna Alberdi

podologa eta erizaina

kol. zbk 210

Pausoka Podologia Tolosa, Oroitz Altuna Zubeldia

Oroitz Altuna ZUBELDIA

podologa

kol. zbk 146

GOMENDIOAK

Nola zaindu oinez ez dakiten haurren oinak?

Oraindik oinez ibiltzen ikasi ez duten haurrei ez zaizkie oinetakoak jantzi behar, hotza egiten duen garaian izan ezik. Kasu horretan, oinen mugimendu askea erabatekoa izatea ahalbidetzen duten oinetakoak jantzi behar dira.

Haur jaioberrien hanketako sentikortasuna eskuetakoa baino garrantzitsuagoa da lehen zortzi-bederatzi hilabeteetan, izan ere, lotura estua du garapen neurologikoarekin eta ukimenarekin. Oinetakoak jarriz gero, informazio edo pertzepzio hori galtzen du haurrak.

Haurra lauoinka hasi da. Non jarri arreta?

Lauoinka ibiltzearekin batera, garuneko hemisferioak batu eta funtzio kognitiboak garatzeko ezinbestekoak diren informazio bideak zabaltzen dira: patroi gurutzatuak. Gorputza orekan mantenduz mugitzea ahalbidetzen duten funtzio neurologikoak dira. Hortik aurrera hasten da giharrak indartzen, baita begiekin puntu bera enfokatzen ere.

 

Etxean, eremu seguru batean, lauoinka oinutsik hasten bada, ez dago inolako arazorik. Eta ez, ez da hoztuko hori egiteagatik. Etxetik kanpo ibiltzeko, oinetako zabal eta lasaiak jartzea komeni da, oinbularra estutzen ez dutenak, eta ahal dela, punta indartuta dutenak. Inondik inora ez da estutu behar oinetakoak sartzeko; oinak behartu gabe sartu behar dira.

Haurren %20a, hala ere, zuzenean ibiltzen hasten da. Normala da, eta prozesu natural hori jarraitzen utzi behar da, larritu gabe.

Haurrak oinez ibiltzen hasten direnerako gomendioak.

Oinetakoak garrantzitsuagoak dira une horretatik aurrera. Oinetako flexibleak behar dira, esku bakarrarekin flexionatu ezin diren zoru zurruneko oinetakoak alboratuz. Batik bat hasieran, zapatila arinak jartzea komeni da.
Orpoa eta ertzak indartzea komeni da, baina orkatila beti libre utziz, mugimendua ez baldintzatzeko. Bere ibilera garatzen utzi behar zaio haurrari: norberak modu ezberdinean higatuko du zorua. Oinetakoen orkoia ere zabala eta transpiragarria izatea komeni da; larruzkoa bada, hobe.

Haurraren hazkunde garaian arreta jarri beharreko faktoreak.

Haur baten oina azkar hazten da, eta hazkunde hori kontrolatzea garrantzitsua da. Oina hazten doan heinean, oinetakoak aldatzea komeni da. Adin horietan haurrak oso flexibleak dira eta behatzak guztiz estututa ibiltzeko gai dira, minik sentitu gabe.

Hazten joan ahala, haurraren oina aldatuz doa, bere orkoia bezalaxe. Hasieran hankazpi zabala du, oineko arku inguruan duen gantzak oin laua izatea baldintzatzen baitu. Garatu ahala, oin-zola ez da horren zabala, eta 4-5 urterekin haur gehienek oin-arkua ongi definitua izaten dute.

Nerabeen hazkundean oinetako arazoak ekiditeko gakoak

Nerabezaroan, hazkundea ere etengabekoa den garai honetan, oinetakoen neurriaren egokitasuna kontrolatzen jarraitu behar da, tamainak handitzen baitoa.

Izerditze maila ere altuagoa da pubertaroan, batik bat, hanketan eta besapeetan. Higienea ere garrantzitsua da: xaboi egokiak erabiltzea, ongi lehortzea eta izerdi maila oso altua bada neurriak hartzea ezinbestekoa da. Hori garrantzitsua da papilomak, onddoak, azazkal inkarnatuak edota keratolisiak ekiditeko. Arazo hauek antzematen lagundu behar da, kroniko bihurtu ez daitezen.

Horrez gain, material naturalekin egindako galtzerdiak erabiltzea gomendagarria da, baita oinetakoak egunero aireztatzea ere.

Zergatik da garrantzitsua podologia kirolari batentzat?

Gorputzaren mugimendu oro oinetik hasten da; kate zinetikoaren lehen lotura izanik, kirola egitean gehien sufritzen duen atala da, batik bat, korrika edo saltoka dabiltzanen kasuan.

Oinak lurrean gaizki jartzearen ondorioz sortzen dira lokomozio-aparatuko lesio gehienak: orkatiletan, belaunetan, aldakan eta bizkarrezurrean. Oinaren egituran edo lerrokatzean alteraziorik balego, giharretako edo artikulazio arazoak sor daitezke: karga banaketa desorekatua oinetan, indargetze okerra edo sentikortasun falta…

Kirol-podologia, errendimendua hobetzen laguntzeaz gain, lesioak ekiditeko baliagarria da. Presio puntuak orekatzea izango da podologoaren lana, lokailu, gihar, tendoi eta artikulazioen gehiegizko higadura ekiditeko.

Nolakoa da oin-zolen tratamendua?


Oin-zola edo plantillak, beharrezkoak direnean bakarrik aplikatzen dira, kasu guztietan ez baita soluziorik egokiena, kontrakoa uste izan arren.


Beharrezkoa ote den ala ez jakiteko, esplorazio biomekaniko sakona egiten da: zinta gainean filmatzen da, ibilera aztertzeko (pazientea kirolaria bada, korrika eginez ere bai); gero presio puntuak analizatzen dira, presio-plataformarekin, oinak modu estatikoan eta dinamikoan izanda.


Podoactivaren 3D eskanerrak oinaren forma bera izango duten zolak egin ahal izatea ahalbidetzen digu. Hain zuzen, Podoactiva ingeniaritza zentroan inprimatzen dira, guk geuk emandako diseinu eta material eskakizunak jarraituz.

Baina zolak jartzea bezain garrantzitsua da ondorengo jarraipena, eta hor ere fokua jartzen dugu. Horretarako, jarraipen saio gehiago programatzen ditugu, lesioaren graduaren arabera, oina ongi moldatzen ari ote den edo lesioa hobetzen ari ote den aztertzeko. Arazorik ikusiko balitz, tratamenduan aldaketak txertatzen ditugu, emaitza egokia lortu arte.

Gutxienez urteko hiru saio programatzen dira, pazientearen eboluzioa aztertzeko, eta kalitate kontrola egiteko. Gure tratamendu guztiek urtebeteko bermea dute, aldaketak eta balizko tratamenduen errepikapenak barne.

Zer da azterketa biomekaniko bat?

Ibilian edo lasterka oinaren portaeraren inguruko azterketa da. Honako fase hauek ditu:

  • Esplorazioa ohatilan: orkatilaren, belaunen eta aldakaren giharretako eta artikulazioetako mugimenduen azterketa.
  • Hankabiko test biomekanikoa: elastikotasuna, giharren egoera, edo gihar multzoen aktibazioa aztertzen da.
  • Oinatzaren azterketa estatikoa: presio handiko puntuen eta grabitate zentroen azterketa.
  • Egonkortasun froga: estabilometria, pazientearen orekaren balorazioa, presio plataformak erabiliz.
  • Oinatzaren azterketa dinamikoa, presio plataformak erabiliz: oinaren mugimenduaren analisia da, presio handiko puntuak, presio zentroen desplazamenduak, edota errotazioak hautemateko.
  • Ibileraren filmaketa.
Zer da Podoactiva teknologia eta zer eskaintzen du?

Azterketa biomekaniko baten ondoren, oin-zolak jartzea beharrezkoa ikusten bada, zehaztasun handiko 3D Scan Podoactiva sistema erabiltzen da, oinaren molde birtuala lortzeko, oina bera posizio optimoan dagoela, azterketan hautemandako balizko desorekak zuzenduz.

Irudi birtuala lortu ondoren, Podoactivako ingeniaritza zerbitzura bidaltzen da. Oin-zolaren diseinua egin ostean, 0.01 mm-ko doitasuna eskaintzen duten robotekin egiten da, alde bietako prozesu mekaniko pertsonalizatu baten bitartez. Emaitza onena lortu ahal izateko, puntu bakoitzaren geometria eta lodiera zaintzen dira.

Nola tratatu oin diabetikoak?

Odoleko glukosa maila desegokia denean sortzen dira oin diabetikoak. Neuropatia edo oineko sentikortasunaren galerak sor daitezke ondorioz, eta hori gertatuko balitz, alarma zantzuak antzematea zailagoa da: oinetakoen presioa, urradurak, helomak, pitzadurak… Minik hauteman ezean, ez dira garaiz hartzen kontrako neurriak. Horregatik, oinaren azterketak egitea da prebentzio onena. Bestalde, odolaren zirkulazioa gutxitzen da (iskemia). Hori dela eta, zauriak konplikatzen dira, ez baita modu egokian sendatzeko adina odol kantitate iristen. Neuropatia eta iskemia horiek, ultzerak sor ditzakete oinean.

Nola tratatu heloma edo kailuak?

Kontsultara etortzeko arrazoi nagusienetako bat dira. Hankazpiko hiperkeratosiak dira, hau da, azalean gogortasunek baino sakontasun handiagoa duten lesioak dira. Mingarriak dira, ez dute sustrairik, eta ia beti presio puntuetan gertatzen dira: ibileragatik, oinetakoengatik, hezurreko forma-anormaltasunengatik…

Hiperpresio puntuak antzematea da tratatzeko gako nagusia. Horregatik, kiropodia aplikatu eta heloma kentzea da lehen urratsa, presioa gutxitzeko. Oin-zolak edo silikonazko ortesiak aplikatzen dira, baita oinetako aldaketak proposatu ere. Berragerpena ekidin edo atzeratzen da horrela.

 

Tabakoak zer nolako eraginak sor ditzake oinetan?

Heloma nikotinikoak dira lesio ohikoenak, hau da, tabakoaren ondorioz sortzen diren hankazpiko kailuak. Tabakoa erretzearen ondorioz, arteriak gogortzen dira, odol fluxua gutxituz. Odola lodiagoa da, eta ondorioz, ehunetara iristen den oxigeno kantitatea urriagoa da. Zirkulazio baxuaren eraginez, infekzioak deuseztatzeko zailtasunak izaten ditu oinak. Denbora gehiago behar dute sendatzeko, azala deshidratatzen da, eta ondorioz, biderkatu egiten dira kailuak agertzeko aukerak. Erretzeari utziz, honelako arazoak ekidin daitezke.

KONTAKTUA

Mapa dónde está Pausoka Podología Tolosa

ASTELEHENA – OSTEGUNA
9:30 – 19:00

OSTIRALA
9:30 – 16:00


BARRIO IURRE, 10, BAJO.

20400, TOLOSA, GIPUZKOA


943 117 801 WWW.PAUSOKAPODOLOGIA.COM